top of page
casita_negativo1tinta%20gris_edited.png

1889ko apirilaren 11n, lehenengo bi marianistak heldu ziren Gasteizera, biak ala biak frantsesak: Clemente Gabel eta P. Lorber. Campilloko apezpiku jauregi zaharrean jarri ziren bizitzen, eta hortxe hasi ziren eskolak ematen, 1890eko maiatzaren 5ean, bost ikaslerekin. Urrirako jada hiru ikastalde zituzten, eta azaroan egungo egoitzara lekualdatu ziren.    Ikastetxeko ikasleek Institutuan egiten zituzten azterketak. Artean Gasteizek 28.000 biztanle zituen.

 

1910eko ekainaren 8a mugarri izan zen ikastetxearen eskolaz kanpoko jardueretan. Zuzendariak eta irakasle eta barnetegiko ikasle batzuek txango bat egin zuten Arantzazuko errepide gainean kokatuta dagoen Aizkirriko kobazulora, eta harpeetako hartza baten hezurrak aurkitu zituzten, urte luzez ikastetxearen Historia Naturaleko museoan egongo zirenak.

 

1924-25 ikasturtean, Luis Heintz marianista izendatu zuten ikastetxeko zuzendari. Ikastetxea kokatuta dagoen kaleak haren izena du, hiriaren aitortza gisa. Ez alferrik, 16 urtez (1889-1906) bere ikasleei emana aritu zen irakasle bokazioduna izan zen, talde fededun eta solidarioen animatzaile, kirol sustatzaile, Arabako mendizaletasun eta espeleologiaren bultzatzaile, eta ikastetxeko zuzendari 1924tik 1930era. 

 

1932-33 ikasturtean, Espainiako gobernuak dekretu bat argitaratu zuen ordena erlijiosoak deseginez. Ikastetxeak Santa Mariarena eta Marianistena izateari utzi behar izan zion. Horrela, laiko talde batek ‘Sociedad Mutua Minerva’ izeneko elkartea sortu zuen, ikastetxeaz arduratzeko. 1937ko irailaren 12an, Santa Maria izena berreskuratu eta ikastetxea marianisten esku gelditu zen berriro.

 

1949ko urriaren 28an, hiru urteko lanen ondoren, pabiloi berri bat inauguratu zen ofizialki, gaur egungo ikastetxearen eraikin nagusia dena.

1974-75 ikasturtean, barnetegia itxi zen, ikastetxearen ikurretako bat ordura arte. Herrietan gero eta eskola gehiago sortzeak erabilgarritasuna kendu zion ikastetxeak hasieratik eskaini zuen zerbitzu horri. Ikasturte berean, martxan jarri zen eskolaurreko etapa, 5 urteko umeentzako bi ikasgelarekin.

 

Garai honetakoak dira hezkuntza mistorantz lehen urrats bat egitearen beharraz mintzo diren lehen ahotsak. 1975-76 ikasturtean, mistoak bihurtu ziren BUP eta COU ikasketak, ikastetxeko ikasketen azken lau urteak hartzen zituztenak. Bost urte geroago, 1980-81 ikasturtean, hezkuntza mistoa formalizatu zen, maila gazteenetatik hasita, prozesua urtez urte bururaino eramanez.

 

1976ko apirilean, ikastetxearen eraikina berregokitzeko obra handi bati ekin zitzaion, eliza botatzeko (egungo hiru solairu hatzen zituen), eta haren ordez egungo kapera eta ikasgela ugari eta bulegoak eraikitzeko, erabilera funtzionalago bat emate aldera espazio handi bati.

 

1979ko abenduaren 18a egun zinez mingarria izan zen ikastetxearentzat. Juan Cruz Montoya atezaina hil zuten, guztion laguna, ikastetxe aurrean, lana bukatuta etxerantz abiatu zela.  Ikastetxeak manifestazio isil bat antolatu zuen hiriko kaleetan barrena, protesta gisa.  Katedral berria lepo egon zen hileta elizkizunetan.

 

1979-80 ikasturtean, gurasoei eginiko inkesta baten ondoren, euskara eskolak hasi ziren, borondatezkoak, oso harrera onarekin ikasleen aldetik. 1987-88 ikasturtean, B eredu elebiduna jarri zen martxan hezkuntza arautuaren barnean, eskolaurreko 1. mailan.

 

Gaur egun, ikastetxea buru belarri ari da lanean hiru eleko plan koordinatu batean (euskara, ingelesa eta gaztelania), lehenengo mailetatik hasten dena.

 

Kirola da ikastetxeak betidanik zaindu duen eta gaur egun ere bereziki zaintzen duen beste alorretako bat. Ikastetxeak egun dituen 1.400 ikasleetatik 800 bat lau kirol hauetakoren batean ari dira: saskibaloia, futbola, eskubaloia eta patinajea.

 

1985eko irailean, eskolania sortu zen, ikastetxeak musikarekiko zuen kezkaren adierazgarri, egungo musika eskolaren aurrekaritzat har daitekeena. 

 

Fedean haztea ere betiko kezketako bat izan da. Urte luzez kongregazio bat eduki zuen ikastetxeak, fedearen bizipenean eta besteenganako zerbitzuan sakondu nahi zuten ikasleak biltzen zituena. Gaur egun, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen ia erdiak Elkarbidean daude. Fede taldeak dira, begirale talde prestu baten gidaritzapean nerabeen hezkuntza integralean lagundu nahi dutenak, giza eta kristau balioak lantzeko.

 

Historian zehar, ikasketa planen aldaketek eta etengabeko bilakaeran dagoen gizarte batera egokitu beharrak aldaketak egitera behartu dute ikastetxea, hezkuntza premiei erantzuteko, baita eskaera sozial eta pedagogikoei ere. Gaur egun, ikastetxea ahalegin handia egiten ari da ikasleak eta irakasleak trebatzeko teknologia informatiko berrien erabileran.

Bizitza osoa irakasteari emana

historia.jpg

  Historia  

bottom of page